Sagardotegia 2006 kronika

 

Ohitura zaharrari jarraitu nahian, larunbat eguerdian, hotzari aurre eginez, zazpi kaleratu ginen. Kanpoan hotza, barruan bero. Santa Ageda kantaldian ahots finak bildu ginen aurten, Josebaren txistuaren doinura, besteak beste, Andoni, Jabi, Idoia eta Iratxe. Guztira 15 inguru. Hiru katu baino askoz gehiago. Beste taldeak ez bezala, eskean ibili beharrean, gu dohainik. AEKkoek diru eskas, baina urguilu handia. Kantaz kanta, halako batean Naiara etorri zitzaigun agurtzera. Panorama ikusita, abestera ausartu ez zenez, muxu bina guri banatu zizkigun eta gure aldetik bidaia ona opa genion. Gero, Somera kalean, Idoiaren etxe azpian beste une hunkigarri bat izan genuen. Hor bertan, Bilbotarrak izeneko taldearekin elkartu ginen, haiek bai, hiru katu, baina oso salauak, eta ahots onak ere bai. Someratik Kalderapekora abiatu, kanta batzuk bota, eta hor amaitu genuen gure emanaldia. Batzuek jarraipena eman genuen Petritegi Sagardotegian ordu gutxi buruan.

 

Iluntze aldera, ohitura berriari jarraituz, sagardotegia egin genuen. Koldoren lan onari esker, aurtengo honetan, Petritegi Sagardotegian: jantokia eta dantzalekua apenas bi pausura. Afaria ezin hobea, guapo-guapo eserita. Eskerrak, gu jan/edan bitartean, Santa Ageda talde batek eta hango trikitixa batek girotu zutela jantokia. Trikitixaren doinura, Koldo gasteiztarra etorri zitzaigun, bazen garaia, sagardotegien ibilbidea bete ondoren, penitentzia moduan edo, batek daki. Gero, postreetan, gu ere kantuketan, a kupela, kasu honetan, iparraldeko talde batekin batera. Kantari onak horiek, erritmoa ezberdina eraman bazuten ere. Ohiko errepertorioa: Baratze bat, boga-boga, etab.

 

Eta dantzalekura... gaua luzea da… eta oso arriskutsua.
Ordu txikitan, taldeka aterperatu ginen. Bakoitzak ahal izan zuen moduan. Lehen ikasitako bidea eginez batzuk, Altxorarren mapari jarraituz, beste batzuk, eta azkenengoak baserrien zeharkaldia eginez aterpea topatu arte. Niri dagokidanez, primeran, ez nuen espero aterpea hain ondo aurkitzea, sagardoak ikusmena hobesten omen du, eta bizitze-sena ere bai. Goio harro egongo litzateke jakinez mapa nola irakurri nuen. Orienteeringen, autoz, behintzat, oso ona. Kopilotoa, bitartean, morfeoren besoetan.
 

Hurrengo egunean, paseotxoa, betiko lez, eta aterpean bertan bazkaldu, hori bai luxua. Amaia, gonbidatu berria bihurturik, oraingo honetan ez zen sukaldaratu, mahia jantzita etorri baitzen, lagunak agurtzera... eta bidez batez konpainia onean bazkaltzera. …Eta apurka apurka, asteburuari amaiera eman genion. Iñakik, ordutik bizirik, horrek bai meritua! sagardo maratoia gainditu zuen, de aquella manera, baina. Eta gurekin betiko, Maite Algortakoaren arima, nor ote?

 

Rafak egina