|
Panticosa - Bujaruelo -
Gavarnie
2007 kronika
GORA ETA GORA BETI
Bidaia bat proiektatzen
dugunean dena ondo ateratzea nahi izaten dugu: eguraldia ona
izatea, inork minik ez hartzea, inor ez galtzea...eta dena
ondo ateratzen denean normaltzat hartzen dugu, horrela izan
beharko balitz bezala. Eta gehienetan horrela izaten da
zorionez.Honetan ere, horrela izan da eta San Nikolasek
zerikusia izango ez ote duen jadanik hasi naiz pentsatzen zeren
eta San Nikolasetik ateratzen gara eta bertara heldu ere.
Ostiralean ateratzeko San Nikolas aurrean bildu
ginenean, aurpegi batzuk berriak, ezezagunak ziren, beste batzuk
aspalditik ikusi gabe –Sara, Arturo,Frasko,Amaia- beste batzuk
berriz gero eta gehiagotan ikusten ditugu eta gustura gainera
–Kepa, Ana, Naiara- eta beste batzuk faltan bota izan genituen –Jabi,
lanean beti bezala, Klemen , belarra mozten beti bezala ere,
Joseba eta lehenda,-osasuna dela eta ezin etorri- Koldo e.a.-.
Rakelek, gure DJ eta musika hornitzaile,
autobusa girotu nahi bazuen ere autobuseko musika aparatuak
zaila jarri zion. Toki soberan zegoela aprobetxatuz batzuk lo
egiteko prest agertzen ziren.
Liedenan, betiko geldialdiak, gauzak errez
aldatzen ez direla konprobatzeko balio zigun nahiz eta abestia
“nola aldatzen diren gauzak” esan eta pikoloek inoiz ez utzitako
denbora-pasari berriro ere gogoz ekiten ziotela ikusi ahal
izan genuen zoritzarrez.
Pikolo gehiago errepidean baina kasu honetan
alkoholemia kanpaina zenez eta Manuk gidatu behar duenean zintzo
portatzen denez berehala amaitu genuen.
Panticosako bainuetxera ailegatu ginenean
berriro ere segurata bat –zenbat dirua errepresiorako!-
autobusak ezin zuela pasatu “pero si nos ha dicho el del refugio
que si” Rafak esan zion eta erantzuna “si, pero no, ya lo sabe
él”.
Beraz motxilak hartu eta lanaz beteriko
labirintoan murgildu ginen “hemendik” “ez, ezin da pasatu”
buelta “hortik agian?” “bai baina kontuz lokatza dago eta ”.
Ezaguna egin zitzaidan toki bakarra “Casa de
piedra” izan zen, ze pena, porlan beteriko paradisua !!
Eguna leihotik sartu zitzaigun eta loguratuta
altxatu ginen. Casa de Piedra utzi eta agian hurrengo batean
ez zela egongo pentsatu nuen. Handik atera naizen bakoitzean ea
bertikalean atera naiz altuera pausu bakoitzean nireganatzen.
Elurra omen dago mendilepoan. Aurten berandu hasi bazen ere
berandura arte egin du elurra. Brazatoseko ibonera ailegatzen
garenean hamaikak dira eta hamaikak direnez zer egin? ba...
hamaiketako. Itzik ez garela isildu Iratxe eta niri esaten digu
eta, egia da, zertarako ukatu –ur azpian ez dakit isilduko ginen
baina momentuz aldapa bat ez da nahiko gu isilarazteko-.
Baciaseko tontorrean elkartu gara eta
Vignemaleri begira –ederra benetan- sukaldaritza ikastaroari
hasiera ematen diogu “presaka ibiltzea modan dagoen gizarte
honetan nola egin patata tortilla ordu eta erdi batean ”
izenburupean. Hurrengorako Borjaren amamaren barazki purearen
errezeta , ez galdu, zeren eta Borjak ez dela dopatzen esaten
badu ere bere sekretua amamaren purean dagoela jakin badakigu.
Mendilepoan tipo batek Arturori ea aurrez aurre
dagoen mendia Perdido den galdetzen dio eta “perdido” bera bai
dagoela pentsatzen dugu. Hori bai bere laguna ailegatzen denean
ea ze mendia den galdetzen dio eta gure harridurarako bistako
dagoen zerbait izango balitz bezala “Vignemale” astiro, letra
guztiak letreiatzen, bere jakinduriaz arro esaten dio.
GR11 jarraituz Bataneseko haitzartea
zeharkatzen dugu. Errekak nonahi eta zailtasunak zeharkatzeko,
ura hotza, bestela Amaiari galdetu. Naiara eta bere lagunak
aurreratu dira eta ni haiekin. Urrunetik sarrio bat ikusten
dugu. Aspalditik ile-apaindegira ez dela joan dirudi eta burua
makurtuta jira eta bira dabil gelditu gabe. “Mongien” eragina
ote den ari garenean gugana dator eta itsu dagoela konturatzen
gara. Beldurtuta dago eta gugandik ihes egin nahi du, baina hori
baino, gero eta gehiago hurbiltzen zaigu eta orain beldurtuta
dagoena Naiara da “alde, alde ”, oihukatzen dio eta bera alde
egin nahian erreka zeharkatzen du kolpeka.
Kezkatuta mapari begira gaude, hiru ordu laurden
pasa dira eta inor ez da agertzen. Zuzeneko bidean gaudela
badakigu baina non dago jendea? Pixkanaka, pixkanaka Arantza
hurbiltzen zaigu botak eskegita dituela eta Kug-fu seriearen
“matxinsalto txikia” gogorarazten digu.
Handik Buxaruelora bide luzea, ederra, berdea,
urez, soinuz,kolorez eta lorez beterikoa. Ederra, ederra, ederra
infinituraino eta gehiago. Aurrez aurre Vignemaleko harrizko
horma aurpegia ematen, lotsagabea erakartzen, eta Arturo, gure
mendizalerik mendizaleena liluratuta berari begira “laster
ikusiko gara” urrunetik errusiar izena daukan haitzartea
arakatzen duen bitartean. Inoiz, mendi tontor batean, mendiak
duen erakargarritasun horri buruz hitz egingo digu akaso?
Baina mortalak garenez plazerik handiena, eta
honetan adostasuna dago, merezitako garagardo freskoa, bigarrena
berriz: dutxa –nahiko freskoa baita- eta Frasco, nahiko fresko,
eskuoihala etxean ahaztuta biluzik gelatik dabil inolako
lotsarik gabe.
Aterpetxeko arduraduna, batzuen ustez, mendia
bezain erakargarria da bere ile luzea alde batera eta bestera.
Afaltzen ari garela Josuneren ondoan belauniko jartzen denean
eta ahopean gosaltzeko ordua xuxurlatzen dionean poesia egiten
ari dela dirudi, hau beroa!!! Izkinako mahaian berriz, ardo
botilak husten diren heinean zarata eta barreak gehiagotzen
dira.
Afaldu ostean eguneko pasadizoak gogoratzeko
beta izaten dugu eta bihar zer? Borjaren galdera. Bihar bi talde
egin ahal dugu, batean Arturo, gure mendizalerik mendizaleena
gora eta behera geldiezinik ibiltzen dena, eta bestean mortalak,
hau da gu geu. Baina hori beste kontu bat da. Eta linea
elektrikotik gora zoaztela gogora ezazue beti positibo
positiborekin , ez nahastu gero, zeren eta energia ez da
sortzen ezta desegiten ere, bakar bakarrik transformatzen da
baina nahastuz gero frijitu ere egiten du edo behintzat hala
diote Iratxek eta Naiarak horretaz asko dakiela.
Serradetseko aterpeko arduraduna argal argala da
eta Frantzian gazteleraz egitean jartzen duten aho borobil
horrekin “ paga mañana nieve a 2000 metgos” esan digu. Gaurko
eguna ere goibel dago eta tanta batzuk jausten ari dira. Batzuk
granpoiak jarrita Brecharaino ari dira igotzen baina batek
“Brechan ne pas de visibilite” esan digu eta hori, nahiz eta
frantsesa ez jakin ulertu egiten da. Eta, “si hay que ir se va
pero ir pa na”.
Behin, ezagun batek, Serradetseko aterpea
kokapenagatik inoiz ikusitako ederrena zela esan zidan eta
bertan nagoela arrazoia ematen diot.
Bidezidorretik behera tenperatura gora eta
Gavarnin sargoria gure zain baina ez ordea autobusa.
Manuk, –gure mapa eta GPSrik gabeko txoferra-
inoiz iparra galdu badu ere-, azkenean bide ona aurkitu
zuen-.Hori bai, inoiz ez dugu jakingo zer dela eta agertu zen
alkandorarik gabe.
Batzuk gogor saiatu arren –azken momenturaino
ezta Rafa? – ez genuen inor galdu. Baina, pentsatzen jarrita,
agian Rafak bertan gelditu nahi zuen. Ez kezkatu Rafa, hurrengo
zeharkaldia prestatzen hasi gara eta horretarako urte bat
besterik ez da falta. Eta bitartean , koldarrak, zaudeten
zaudetela oporretan ere, ekin euskarari eta ondo pasa.
P.D. Ez ahaztu web orrian esparru berria
zabalduko dugula “Ardi bakoitza bere bikoitza” izenburupean
kontaktoak egiteko edo mendi materiala (gu geu) saltzeko. Horren
material ona izanik ez dakit zelan dugun horrenbeste zailtasun
saltzeko!! Beste tontor baterako tesia Iratxeren eskutik, adoz??
Martak egina
|