Maskaradako kronika

 

1.- Ainharbe (2007ko otsailaren 24a eta 25a)

 

“Kirola eta kultura egiten dugu (ditugu)”. LMTaren leloari eutsiz, aurten Maskaradetara joatea proposatu zuen Rakelek. Hasierako proposamena hauxe: kotxeetan eta igandean bertan joan/etorri. Kultura bai..., eta kirola?. Orduan, beste batzuek lekukoa hartu eta erronka berria bururatu: asteburuan, larunbatean zeharkaldia egin eta igandean Maskaradak. Berehala adostu ginen. Kultura eta Kirola, betiko moduan.

 

Lanean jarri, kartelak, zerrenda, mobila, erreserbak, banan-banako hedapena… eta aurreikuspen guztiak gaindituz, oso arrakastatsua izan zen txangoa. Zerrenda berehala osatu eta autobusa bete genuen. Zorionak Rakel! Ideia ona eta lan bikaina. Laguntzaile ibili garenok ere poz-pozik. Lagun berri asko etorri ziren. Ongi etorria horiei guztiei!

 

            Egitarauan, dena kontrolpean genuen. Bidaia, aterpea, zeharkaldia, ibilbidea, maskaradak… Den-dena? Ez, horixe! Eguraldiak negu mozorroa jantzi eta euria zekarkigun astebururako. Azkenean, A-8 madarikatu hori nola hala zeharkatu eta gero, Harsüdürra zeharkaldia ez zela egokia jabeturik, plana aldatu (beti bezala, jakina) eta Okabera abiatu ginen paseotxoan. Aldapa gora, aldapa behera, paisaia ederra: Irati ohiana alde batera, Behe Nafarroa eta Zuberoa bestean. Eguzkia ere ageri zen, lotsati, baina hor goian, berriro lainoa. Ezin kexatu, gero! Euririk ez baitzuen egin. Jeistean, Kromlechak ikusi genituen. Hainbat argazki egin eta, neolitiko garaiko artzain hildakoei agurra eta mirespena. Bakean beude!

 

            Bitartean, gutxi batzuk Garazin geratu ziren, bisitan eta erosketetan. Hori,  pagotxa hori, kamiseten merkealdia!

 

            Hurrengo geldiera, Maulen. Beste aldaketa bat, ze errepide horietatik ez zegoen lojibarrera ailegatzerik. Holtzarte beste batean egingo dugu, beraz. Maulen, gaztelua bisitatu, ikuspegiaz gozatu eta hango Matalaz kondaira eta kanta entzun genituen Iñaki eta Joseba kontu-kantari. Gaztelua itxita. Ezin ikusi barrutik.

 

            Iluntzean, aterperatu. Aterpe batean ez, bitan zatitu genuen taldea. Chateau de Libarrenx eta bestea. Dutxa hartu, eta afaldu (oi, zopa hura!). Arrapaladan mahia bildu eta antzerkira. Hori, bai hori, kultura-turismoa!

 

            Batekmila ikuskizun ikusgarria. Bitxia, gero! Dantzari trebea, kantari fina eta antzezlariak. Eszenatokia mugigarria. Hor kondairak eta pasadizoak antzeztu zituzten, era zoragarrian. Primerakoa! Kondairaz kondaira, ametsetara. Ederto egin genuen lo!

 

            Igandean, eguraldia kaskarra berriro. Eguzkia ez genuen lagun. Harrigarria Maider euritakoa eskuan ikustea. Baina, zer da hori? Ainharbera ailegatu eta ongi etorria eman ziguten: opilak, erroskilak, krepeak, arnoa, sagardoa… eta euri zaparrada bat! Gure berri bazeukaten, Internetari esker. Hori, teknologia hori! Geroxeago, atertu egin zen, eta baserriz baserri ibili ginen Maskadaren atzean. Dantza, kantak eta jan/edan gehiago. Hori, betekada hori!

 

            Barrikadak gaindituta, plazaratu, eta ausartek dantzatu ere egin zuten. Herriko bazkarian ere parte hartu genuen, ausartek eta koldarrek. Karparen azpian ederra giroa! Bete-beteta. Hor bildu ginen herrikoak, maskaradakoak eta “Bilboko autobus horietakook”. Lagun artean, bikain.

 

            Arrastiko 4etan, Maskaradak. Kanpoan hotz, barruan bero, primeran aritu zen Mauleko taldea. Xorrotzak, Godalet dantza, Kauterak, eta … Pitxu han hemenka, zirikatzen. Bikain!  Maskaradak amaitu gabe, berandu zenez, inor agurtu gabe joan ginen (frantziar erara!). Autobusean, Euskal Herrian zehar hegan egiten, lau haizetara saoien eskutik.

 

            Oraingo honetan, Kirola eta kultura, Turismoa eta gastronomia bilakatu zen. Hou, Pittu, hou!... Hurrengo arte.

 

Rafak egina

 

 

Maskaradak

 

Maskaradak neguko ospakizunik garrantzitsuenak dira Zuberoan. Inauterietan egiten dira. Herriz-herri. Urtero herri bat arduratzen da Maskarada prestatzeaz. Aurten Maulek hartu du horren ardura.

Goizetik abiatzen dira herrira. Hor Barrikadak egiten dituzte. Lehen, herrian sartzeko ohorea irabazi behar zen. Herriko plazara heldu eta dantza jauziak ematen dira. Gero maskaradakariak bazkaltzera gonbidatzen dituzte. Arratsaldean jokoak egiten dira.

 

Maskaradetan dantza ibiltariak, jolasak, txantxak, janzkera deigarriak eta arropa zaharrak, eskeak, herriaren parte-hartzea, erakusketak, lanbideen antzezpenak, arraza baztertuen antzezpenak, hizkera satiriko anitz eta musika biltzen dira.

 

Bi jende mota agertzen da maskaradetan:

Gorriak ditugu, dotore jantzita daude, ordenatuak dira eta dantzaren pauso eta mugimenduetan txukunak.

Eta, bestetik Beltzak ditugu, hauek desordenatuak eta zarpailak dira, ibiltariei zirikatzen diete, oihu egiten dute eta, beste garai batzuetan, Biarnoko hizkuntzan edo okzitanieraz mintzatzen ziren.

 

 

Pertsonaiak

 

Gorriak

 

- Txerreroa: Zerrizaina litzateke. Aitzinean doa, bidean zabaltzen du makila punta batean duen zaldi buztan bat erabiliz. Behi txintxak baditu gerrikoan.

- Gatüzaina: Eskuetan duen sorginahixtur (artazi) bat erabiltzen du.

- Kantiniersa: Lehen, buhamina bat zen horren lekuan.

- Zamalzaina: ginozertzaldia ohitarazten du. (erdi gizon, erdi zaldi)

- Entseinaria: Xiberoko entseina edo ikurriña erabiltzen du.

 

Bost horiek ematen dituzte dantza ederrenak. Printzipioz, txerreroa azkar izan behar da, Kantiniersak arin eta mugitu eder, ez sobera handi, Zamalzaina azkar, zale, dantzari hoberena da, Entsenaria luze eta dantzar fina, eta Gatüzaina trebeena da.

 

- Jauna eta Anderea: Jauna da maskaraden buruzagia. Horrek maneiatzen du dena. Anderea, emazte baten arropa zurian agertzen da orain.

 

- Laborari eta laborarisa: beltzez beti, ez dute egiazko lanik.

- Marexalek: kasabet gorriak dute eta zaragoila beltzak. Hiru edo lau dira. Zaldia ferratzen dute.

- Küküileroak: Gazteenak; ez dute egiazko lanik.

- Kerestuak: Ezin da zuzen esan beltz ala gorrietan direnez, denetan ikusten baitira. Dantzari ohiak ziren hor ezarririk lehen eta biarnesez mintzo dira. Zamariaren osatzea da beren lana.

 

Beltzak

 

- Xorrotzak: Kantan ari dira beti jokoen artean. Jaunaren ezpata zorrozten dute beren jokoan, kantorea baten emanez, aharratzen ez direlarik.

- Buhameak: basagaitz erregeak eta haren mutilak. Basa dira, beti txostakan ari, lanari ihes, Buhame Jaunak bere peredikuan aipatzen duen legeari jarrikiz.

- Kauterak: itsusienak, begitarteak mozorroz gorderik, txapelak eta jauntsiak adar eta lumaz ederturik. Kabana da haien nagusia. Jaunaren bertza betatxatzen dute zapartagarrika. Kabana jenteren jorratzen ari da eta astokeria anitz igortzen dute bere mintzaldian.

- Pitxu da haren mutilik xotilena eta kokillotena ere. Beti tximinikeria egiten ari da.

 

Jende asko badirelarik, beste pertsonaia anitz bada: Zapürrak, Bizar egilea, Hartza, Axuria eta Aitzindari beltzak ere.

 

Txistulari eta atabalariak dira soinu egileak beti.

 

 

Antzezpena

 

Barrikadak

 

Maskaraden antzezpena egun osoan zehar luzatzen da. Dantza eta predikuak nahasten ditu. Ohiturak eta modernismoa nahasten ditu.

Bi talden arteko lehia da, Gorrien eta Beltzen arteko liskarra.

Pertsonaia garrantzitsuenak aldizka egiten dute dantza. Jauna eta Anderea eurei begira egongo dira. Galdaragilea eta ijitoak, bitartean, jauzika ibiliko dira, elkarri txantzak egiten eta bata bestearen gainera salto egiten. Herritarren barrea erangindo dute beraien portaerak eta joakerak.

 

Goizean, herrira iristean, gorriak dantzan eta beltzak bazterrak nahasten hasten dira kaleetako barrikadak gaindituz. Baimena merituz irabazi beharko dute. Barrikadak eske eta dantza-borroka baketsuak dira. Barrikadak han eta hemen egiten dituzte, herrian zehar. Geldialdi bakoitzean, herriko pertsonairik garrantzisuenak edo ospetsuenak bisitatuko dituzte. Eta aldi bakoitzean, jana eta edana eskainiko dizkiete, bai dantzarieri bai barrikadak jarraitzen dituzten herritar eta bisitariei ere. Enparantzara heltzen direnean gorriak dantzak egiten hasten dira.

 

Pertsonaiek dantza bat baino gehiago burutzen dute:

- Godalet dantza. lau pertsonaia garrantzitsuenek ur baso baten inguruan dantzatzen dute.

- Bralea: gorriak eta publikoan harturik diren neskatilek katea bat egiten dute:

- Kontrapasak: jende guztiak dantzatzen duena.

- Braletik jauztia; dantzari nagusiek egiten dutena.

- Karakoiltzea: Entsenairiak eramaten du hori eta katea kurriarazten barnetik eta kanpotik.

Gero, bazkaltzera joaten dira.

 

Funtzioak

 

Maskarada laurak aldera hasten da. Funtzioak deitzen dioten antzezkizunak eskaintzen dituzte dantzariek. Une horretan pertsonaia bakoitzak bere lanbidea antzeztuko du:

- Marexalak, Zamaltzain ferratzen, gaixki lehenik, behar bezala gero.

- Xorrotzen jokua: Xorrotzaileek Jaunaren ezpata zorroztuko dute behin eta berriro, Jauna gustura gelditu arte.

- Buhameak; dantza basa bat eman eta Buhame jaunak bere balentriak kontatzen ditu.

- Kauterak; nagusiaren bertza betatxatu behar dute. Dantza berezi bat ematen dute. Berzkinek Jaunak konpontzeko emandako dupina ezin konponduta utziko dute. Hala ere, Jauna engainatu eta dirua aterako diote... Azkenean, medikua ekarri eta honek salbatuko du Jaunak emandako dirua lapurtu duen langilea, Pitxu, patroi eta ijitoen artean harrapatu eta erdi hilda utzi dutena.

 

Amaieran herri guztiak hartzen du parte dantzan, maskaradako dantzariekin batera.

 

 

(Informazio gehiago www.suazia.com web orrialdean (SÜ AZIAren sail bereziak, 1993)