MIKELEN EGUN BELTZ HURA 

 

 


 

Azkenean eskolako aldizkaria etxean zegoen. Afaldu ostean aita, ama eta Edurne sofan eserita zeudela telebistari begira, amatatzeko botoia sakatu nuen eta, protestaka hasi baino lehenago, aldizkaria aurrez aurre jarri nuen. Ipurdia astinduz, tartetxo bat sofan egin, eta familia osoa elkarrekin, “Xarbot” aldizkaria ikusten hasi ginen.

 

Bertan, eskolako haur guztiak azaltzen ginen, gelaz gela. Lehenengoz txikerrak, batzuek, bi urte baino ez zuten. Gero, Edurneren gelakoak. Hantxe, etxeko sorgintxoa formala baino formalagoa, aingerutxo izango balitz bezala. “Ikusi ama, nire ondoan dagoena Imanol da, nire nobioa ” eta hirurok barre egin genuen gogoz Imanolen bihurri aurpegia ikusita.       

 

Bosgarren A.  Orduan nire txanda ailegatu zen, eta han ni neu, Mikel Astobiza, irribarre zabal batekin ondoko Aneri begira. Infernua! Zer zen hura! Ordu horretan, gaueko bederatzietan hain zuzen ere,  hiriko etxe guztietan, Ane gustuko nuela jakingo zuten. Nire begirada traidore hark agerian uzten zuen. Argi zegoen ...ezin argiago. Memelo aurpegi hark, berria lau haizetara zabaltzen!. Odola irakiten sentitu ahal nuen barne barnetik. Aurpegia berotan infernuan egongo banintz bezala. Eta, egia esan,  zer izango zen hura, hurrengo egunean pasa beharko nukeena, infernua baino?.

 

Jadanik imajinatu ahal nuen Peioren irribarre ironikoa “egun on” esatean. Hura baino, aitak prestatutako tripakiak gurago eternitate osorako. Hura baino, Edurne, nire bost urteko arrebatxo txikiaren ipurdia garbitzea nahiago. Hura baino...

 

Zerbait pentsatu beharko nuke ahalik eta azkarren, bestela akabo! Hura bai zela larrialdiaren larrialdia, estutasunaren estutasuna! Momentu hartan, famatuek kobratu barik prentsa arrosako aldizkarietan azaltzen zireneko sumindura konprenitzen hasi nintzen, zeren eta ni ere, sosik kobratu barik, guztien ahotan egongo nintzen.

 

Eta imajinatzen nuen bezala “hara amatxo begira, nor da zure ondoan dagoen  neska hau Mikel? Badirudi gure Mikeltxo nagusitzen ari zaigula ”, aitari esaten entzun nion.

 

Eztarria lehor lehorra sentitu nuen eta zorabioaren parean nengoela “Ane da ” nire buruari  entzun nion esaten. Eta gaixorik nengoela hurrengo egunean esan beharko nukeela pentsatu nuen. Eta auskalo benetan ez ote nintzen gaixotuko! Lotsaren sukarrez gaixorik. Momentu hartan sentitzen nuen beroa, 40 gradu ingurukoa izango zen. 

 

 Marrazkilaria: Jabi Seco

 

Gauez, noski, ezin lorik egin. Buelta alde batera eta gero bestera, abestiak esaten duen bezala. Izarak jadanik guztiz tximurtuta – lisatuta inoiz ez egon arren, etxean plantxarik ez dago eta -.

 

Lokartu, inoiz lokartuko nintzen, amets gaiztoak izan bainituen. “Mikel x Ane, Mikel x Ane ” barreka eta oihuka  gelako mutilek esaten zidaten. Hura lotsa! Eta nire gelako proiektagailua den erlojuan zazpiak gorriz ikusi nituenean, ausarta izango nintzela erabaki nuen, koldarra estiloa ez baitzen nirea. Azken finean, besteek futbola gustuko bazuten nik, Aneren istorioez maiteminduta nengoen. Batzuetan  beldurgarriak, besteetan barregarriak, baina beti dibertigarriak. Hura irudimena gurpildun aulkian zegoen nire ametsetako neska hark zuena!. “Egunen batean ipuin kontalaria izango naiz ” bere ahots goxo harekin esaten zuen . Eta nik, zalantza izpirik ere ez nuen, egunen batean, nire ninietako Ane, bere istorioetako protagonista zen neska xarmant hura, Euskal Herriko ipuin kontalaririk hoberena izango zela.

 

Loguratuta baina pozaren pozez eskolarantz abiatu nintzen, eta elur malutek zuriz pintatu berri zuten parkean, bere izena eta nirea elurrezko bihotz baten barruan idatzi nituen . 

 

Parkea zeharkatu nuen egun hartan, hotz handia egiten zuen.  Elur jausi berriaren gainean, nire aulkiko gurpilek inoiz elkartzen ez diren horietako bi lerro paralelo osatzen zituzten. Ondo baino hobeto oroitzen naiz, andereņoak paraleloak ziren lerroen adibideak jartzeko eskatu zuen egun harekin. Inork eskua altxatu baino lehenago, adibide horixe jarri nion, ondotxo bainekien nik nire aulkiko gurpilek osatzen zituzten lerroak inoiz ez zirela elkartzen. Eta nik adibidea emanda, gelako lagun guztiek paralelo hitz berri horren esanahia segituan ikasi zuten. Gainera, hortik aurrera memelo, ergel, inozo, lelo, tuntun eta horrelako hitzez gain, paraleloa ere esaten hasi ginen. “Zertan zabiltza? akaso paraleloa zara edo ze arraio gertatzen zaizu!” haserre bizian elkarri esaten genion.

 

Egun hartan, parkean bazegoen neska gazte bat ipar eskia egiten. Berak utzitako arrastoak ere, paraleloak zirela esan zitekeen. Baina bat-batean, maldan behera zihoala, eski mehe horiek paralelo izateari utzi zioten eta abisurik gabe elkarrekin gurutzatu  eta hankak zabal zabalik ipurdikada ederra hartu zuen elurretan. Ikusgarria izan zen benetan eta hasieran mina hartu behar izan zuela pentsatu genuen eta pixka bat ikaratu ere, baina bere barreak urrunetik entzun genituenean, eta  gogoz gainera, gu ere barrezka hasi ginen.

 

Ederra zegoen parkea, bai horixe! Beti pozten nintzen elurra hirira ailegatzen zenean. Batez ere, eguzkia ere azaltzen bazen bestela, jelarekin arazoak izaten nituen aulkia gidatzeko, errez irristatzen bainintzen. Ikastolatik ateratzen ginenean, bolak botatzen genizkion elkarri,  elurra asko gogortu gabe, bestela, mina egiten zuten. Hala ere, batzuk ederki gogortzen zituzten, bereziki elur bola hori irakasle bati zuzenduta bazihoan.

 

Marrazkilaria: Jabi Seco

 

Elurra dagoen asteburuetan, plastikoak eta lerak hartu, baita eskularruak eta txanoa ere, eta kipula bat baino geruza gehiago dugula, inguruko mendietara abiatzen gara. Bertan, elur gainetik irristatzen, beste umeak bezalakoa sentitzen naiz kroketarena egiten alde batera eta bestera. Maldan gora, gurasoen lagunak ni igotzeko txandakatzen dira, bizkar gainean eraman behar naute eta. Bizkarrean nagoela, belarrietatik tira egiteko edota txanoa sudurreraino jaisteko, aprobetxatzen dut “ez dut ikusten, ez dut entzuten" abesten dudan bitartean . Ederto pasatzen dugu denok.

Hamaiketakoa egiten dugun bitartean, arropa pixka bat sikatzeko aprobetxatzen dugu, blai eginda amaitzen baitugu. Orduan bai goxoa txokolatezko turroia, aurreko egunetan tripa betea jan ezin izan genuen hura!!

 

Irribarretsu nindoan ni gauza hauetan guztietan pentsatzen, parke erdian elurretan zegoen bihotz handi hartan erreparatu nuenean. Baina, zer zen hura! Infernua! –Mikelek berak esango zuen bezala- . Bihotzaren barruan nire izena eta Mikelena gezi batez gurutzatuta agertzen ziren. Hotz handia egiten bazuen ere, aurpegian sentitu nuen beroa infernukoa baino handiagoa izan zen. Eskerrak “Mikel X Ane” jartzen zuela eta ez aldrebes. Gezurra badirudi ere, honetan ordenak bai duela ezinbesteko garrantzia!

 

Momentu hartan, marrubizko “koyak” txupatxusa etengabe txupatzean mingainean geratzen zaizun kolore gorria,  aurpegi osoan sentitu ahal izan nuen. Hurbildu eta ezabatzea, horixe izan zen burutik pasa zitzaidan lehenengo ideia baina... hori eginez gero, ondoan zeuden nire lagun Arrate eta Itsaso, erremediorik gabe enteratuko ziren  -egia esan, ez nekien zelan ez ziren konturatu oraindik-. Eta horretan pentsatzen ari nintzela, Itsasoren garrasi kirrinkaria entzun nuen eta jadanik aterabiderik ez zegoela jakin nuen.

 

“Ane, ikusi duzu zer jartzen du hor?” entzun nion eta, ezer erantzun baino lehenago, bihotza zegoen lekura korrika abiatu zen ezabatzeko asmoz. Barne barnetik geldi ezina zen etsipen deiadarra atera zitzaidan eta “ Ez Arrate, ez ezabatu!! ”  nire buruari esaten entzun ahal izan nion. Eta Arrateren harridura aurpegi horri zelan aurre egin pentsatzen nuen bitartean, ez nuela ezabatu nahi jakin izan nuen. Eguzkiak bere berotasunean urtu zezala nahi nuen, horrelakoa baitzen Mikelengan pentsatzen nuenean barnean sentitzen nuen epeltasuna,  goxotasuna.

 

Pozik sentitzen nintzen eta batek daki! agian, Mikelek, nire ninietako mutiko ilegorri, pekatsu eta  beti irribarretsuak  berak egin zuen.

 

“Bai zera! zu flipatzen  zaude!” Itsasori entzun nion esanez. Eta ondo ezagutzen nuenez honetaz ohartu nintzen; bere aurpegian ikusi ahal izan nuen keinu hori, inbidia besterik ez zen.

 

Erabakia hartu eta berehala lasaitu nintzen, baina eskolara hurbiltzen nintzela, berriro ere urduritzen hasi nintzen. Zer esango nion Mikeli ikusiko nuenean? Horixe zen momentu hartako nire kezkarik handiena. Jarraian izango nuen inguru azterketa baina askoz handiagoa eta hori, argindarra ikasten ari ginela kontutan hartuta eta elektroiak, protoiak – edo potroak gure artean esaten genuen bezala- eta neutroiak benetan existitzen direla  sinesteko, horixe fedea behar dela. Azken finean amak horixe esaten du, urteak pasa ahala eszeptiko bihurtu dela eta sinesteko gauzak ikusi egin behar dituela. Eta inork inoiz elektroiren bat ikusi badu eskua altxa dezala.

 

Denbora agortzen ari zen, berehala, goizeko bederatziak izango ziren eta eskolara sartzeko entzuten dugun txalaparta musika aditzen hasiko ginen.

 

Arnasa sakon hartu nuen erlaxatzeko ona dela Itsasoren amari entzunda -Itsasori, oso urduria dela, arnasa hartzeko  behin eta berriro errepikatzen dio eta-. Pentsatu behar nuen eta bizkor gainera.

 

Hau dena buruan nuela Aitorren ahotsa entzuten nuela iruditu zitzaidan eta berehala bihotzak salto egin zuen egundoko taupada emanez eta gero eta arinago mugitzen hasi zen. Ezusteko horren ondorioz gori gori jarri nintzen. Olentzerok ekarritako Euskal Herriko Surf Federakuntzako neoprenozko forru gorria baino gorriago, baina bihotza eztanda egingo zitzaidan momentuan, bera ez zela erreparatu nuen. Hala ere, momentu hartan erabakia hartu nuen. Ez nion ezer esango. Ezin nion ezer esan. Hasteko, ez nekien nork egin zuen bihotza.

 

Demagun bera ez dela izan, pentsatzen nuen nire barnerako, eta  “asko gustatu zait parkean egin duzun bihotza ”  edota “parkeko bihotza zuk egin duzu?”, esaten diot. Bera ez bada izan  “ni ez naiz izan” esango zidan logikoa denez. Eta orduan, a zer nolako lotsa! Pentsatzearekin bakarrik belarrietaraino gorritzen nintzen berriro ere . Ez horixe, ez nintzen lotsagarri geratuko, beraz hoberena, zalantzarik gabe,  isilik egotea zen.

 

Ondoan zihoan Arrate nire larritasunarekin konturatu zen bera sentimen handiko pertsona baita, eta “zer duzu?” galdetu zidan. Nik Arrateri ezin diot gezurrik esan nire laguna delako eta gainera bere iritzia momentu horretan erabat garrantzitsua zelako niretzat.

 

Itsaso eta Arrate nire lagunik hoberenak dira. Dena elkarri kontatzen diogu, gauza alaiak zein tristeak. Gure sekretu guztiak konpartitzen ditugu. Biekin ezin hobeto moldatzen naiz baina, egia esan, guztiz ezberdinak dira.

 

Mutur batean, Itsaso dago. Egonezina, ipurtarina. Amak, “erlaxatu, arnasa sakon hartu Itsaso”, behin eta berriro esaten dio, eta Itsasok, horrelakoetan , arnasa hartu ere  arin egiten du. Kirolaria, berritsua, irribarretsua eta beti praka bakeroekin jantzita “erlaxatu ama, arnasa hartu, lehenago hil gona jantzi baino”, amari esaten dio arropa erostera joaten diren bakoitzean eta ama gona janzteko betiko matrakarekin hasten denean.

 

Trikitixa jotzen du eta, egia esan, trikitixa bezain alaia da.  Musika eskolara elkarrekin joaten gara. Nik zeharkako txirula jotzen dut. Entzunaldi batean, pieza bat elkarrekin jo genuen. Irakasleak, folk musika zela esan zigun eta bioi biziki gustatu zitzaigun.

 

Elkarren ondoan bizi garenez eta gurasoak lagunak direnez, denbora luze eman genuen ensaiatzen eta guztion esanetan bikain jo genuen. Egia esan, oso gustura geratu ginen egindako interpretazioarekin. Hasi baino lehenago oso urduri geunden. Biak batera arnasa sakonki hartzen eta botatzen irudizko kandelak amatatu beharko bagenitu bezala. Baina jo ahala  aretoa betetzen zuen publikoarekin ahaztu eta etxean bezain gustura jo genuen. 

 

Beste muturrean Arrate dago. Amak, Arrate oso poxpolina dela esaten du, beti apaindua, txukuna eta polita joatea gustatzen baitzaio. Ile horia  eta luzea du eta egunero ehun aldiz orrazten du oheratu baino lehenago.    

 

Arropa asko du baina,  egia da ere lehengusina nagusiak dituela eta jantzi asko, haiek pasatutakoa dela. Jolas lasaiak ditu gustuko eta ez da batere kirolaria. Berriz, amaren zaletasuna dela eta, hegaztiak oso gustuko ditu eta, berari ezker dakit nik udazkeneko egun batean parkean agertutako txori koloretsu hark gailupa izena duela. Kaiola batetik ihes egina zela ematen zuen baina, ezetz, Arratek parkeko heskaietan  bizi zela esan zigun.

 

Marrazkilaria: Jabi Seco

 

Arrate lotsatia, apala eta isila da. Hitz jario gutxikoa  baina buru argikoa. Badakizue, guraso guztiek gustuko duten eta adibidetzat jartzen duten horietakoa eta urtebetetzetarako gelako lagun guztiek, bai neskek zein mutilek, gonbidatzen dutena.

 

“Arrate –esan nion-, ni izango bazina, zer egingo zenuke Mikel ikustean?”.

 

Arratek ez zuen erantzuna pentsatu ere egin eta horrek gauza bat besterik ez zuen esan nahi: oso argi zuela.

 

“Nik, ez nion ezer esango. Berak egin badu...lotsa emango zidan eta erabat gorrituko nintzen eta mutu geratuko nintzen hasieran eta gero totelka hasiko nintzen zer esanik jakin gabe, baina berak egin ez badu... hori bai  egundoko lotsa. Ez dakit lotsaz hiltzea posiblea den baina, posiblea bada...lotsaz hilko nintzen erremediorik gabe” .

 

Arrateren erantzuna entzunda –eta egia esan espero nuena izan zen - Itsasori galdetu nion. Momentu batez, Itsaso mutu geratu zen eta horrek bai harritu ninduela, zeren eta bera oso berritsua da eta pentsatzeko ere, ozen egin behar duela berba dirudi.

 

Handik minutu batera, eta zinez, minutu bat asko da Itsaso isilik egoteko, nik esango nion “ikusi duzu Mikel! baten batek parkean egindako bihotz baten barruan Mikel x Ane jarri du” ea zer esaten duen berak.

 

Eta honetan, Itsasok pentsatutakoa zentsuzkoa iruditu zitzaidala esan behar dut eta horixe egingo nuela erabaki nuen.

 

“Baina zerbait txarto ateratzen bazaizu ez bota niri errua gero”  Itsasok gehitu zuen.

 

“Horietakoa ez naizela badakizu. Gainera, zer aterako da txarto?”.

 

Eta oraingo honetan Mikelen ahotsa niri deika  entzun genuenean, Arratek, ezer esan gabe baina urteetan sendotutako konplizitatea erakusten, Itsasori eskutik heldu eta biak aurreratu ziren. Ni berriz atzean gelditu nintzen, inurriek  sabela goitik bera zeharkatzen nindutela eta Mikel ikustean sentitu nuen ezinegona gezi-goxo hura aldi berean  disfrutatzen eta nozitzen.

 

 Zuzenketak: Arantza Kerexeta

  

 

 

 

 

THE END